Ogi Irlandarra (Soda Bread)



Irlandatik dakargun errezeta honen berezitasun nagusia da oso azkar egiten den ogia dela, ez du legamirik, sodio bikarbonatoak egiten du legamiaren lana. Erreakzio kimiko bat sortzen da buttermilkarekin nahastuta (Buttermilk: esnea limoiarekin moztuta). Ogi hau  ez da oratu behar eta osagaiak nahastu eta zuzenean labera sartuko dugu (altxatzen utzi gabe). 

Ospea irlandarrek eman bazioten ere, badirudi sodio/soda hautsen erabilera ez zutela beraiek asmatu, Ameriketako indigenek lehenago erabiltzen zuten ogia egiteko. Sukaldaritza irlandarraren oinarri izan da momentu askotan ogi hau, merkea baitzen egiteko.

Gurutze bat marrazten zaio goi partean eta hainbat teoria daude honen inguruan: deabrua urrun mantentzeko egiten zela diote batzuk, beste batzuk maitagarriak ogi barrutik ateratzeko egiten zela. Azalpen arrazionalagoa ere badu, noski; gurutze hau marraztuta lortzen dugu lurruna bertatik atera eta masa labean dagoenean altxatzea.

Etxean oso gustuko dugun ogia da, batez ere, gosaltzeko. Oso azkar egiten denez ez dago planifikatu beharrik. Gainera, ogia eta bizkotxoaren arteko zerbait da, ez ogi-ogia ezta bizkotxoa ere, zaila azaltzeko, probatu eta ikusiko duzue!

Betsio asko ditu, gozoagoak eta gaziagoak. Etxean asko probatu ditugu baina gaurko hau gogokoenen artean dugu.






Errezeta: Ogi Irlandarra (Soda Bread)


Osagaiak:





300 gr esne

2 koilarakada limoi-zuku

450 gr gari-irin

50 gr olo-maluta

25 gr mahaspas

25 gr intxaur

15gr sodio bikarbonato

5 gr gatz

25 gr ezti

10 gr olio



Prestaketa:


1. OSAGAIAK NAHASTU

Labea piztu 240 graduan. Lehendabizi  esnea eta limoi zukua nahastu edalontzi batean eta utzi 15 bat minutuz. Esnea moztu behar dugu, honi ingelesez buttermilk esaten diote. Bitartean nahastu katilu handi batean osagai lehorrak (gari-irina, olo-malutak, mahaspasak, intxaurrak , sodio bikarbonatoa eta gatza). Gehitu osagai lehorrei moztutako esnea eta nahastu, poliki eztia eta olioa gehitu eta nahastu guztia egurrezko koilara batekin.

2. FORMA EMAN

Irineztatu mahaia eta atera orea katilutik. Forma borobila eman eskuekin.


3. OREA MOZTU

Oreari gurutze formako marrak  egingo dizkiogu kuter  batekin. Moztu egin behar da orea bertatik lurruna irten dadin. Amaitzeko, bota olo-maluta eta irin apur bat gainetik, honek ukitu polita emango dio.

4. LABEKATU

Jaitsi labearen tenperatura 200 gradura eta labekatu 35 minutuz. Epeltzen denean jan.  



iruzkinik ez: