Limoizko Madalenak




Hamabostero Puntua aldizkarirako errezeta bat prestatzen dut. Errezeta, "Handitzen, handitzen" haurrei zuzenduriko atalean agertzen bada ere, saiatzen naiz familia osoarendako erakargarria egiten, hau da, erraza, polita eta gozoa. Ondo dago haurrak sukaldean parte-hartzea eguneroko lanetan, letxuga garbitu, mahaia jarri, beraiek nahi duten heinean. Hala ere, nire proposamena da zerbait berezia egitea familian, adibidez, larunbat goiza hartzea errezeta egiteko. Ikasteko modu paregabea da, erosketa zerrenda egin, osagaiak erosi, neurtu, pixatu, nahastu, argibideak jarraitu eta nola ez, eskuak orean sartzearen plazerra ere hor dago. Eta egindakoa jatea eta lagun eta familiakoei banatzea? Hori zatirik onena!

Gaurko errezeta oso erraza da eta pausuak ondo jarraituta ezin da gaizki atera. Askok esan didate egin eta asko gustatu zaiela, hemendik mila esker, egiteagatik eta kontatzeagatik, nolako poztasuna ematen didan zuen berri izateak!








Errezeta: Limoizko Madalenak



Osagaiak


3 arrautza

250 g azukre

Limoi-birrindura

2 koilarakada limoi-zuku

75 g oliba-olio

110 g esnegain ( %35 mg)

250 g gari-irin

12 g legami (royal motakoa)


Prestaketa


1. OSAGAIAK NAHASTU ETA ONGI IRABIATU

Katilu batean nahastu azukrea eta limoi-birrindura. Gehitu arrautzak eta bost minutuz irabiatu irabiagailu elektrikoarekin. Ikusiko dugu nola nahasketa apur bat hazi eta kolorea aldatzen zaion, zuritu egingo da.  Gehitu limoi-zukua, oliba-olioa eta esnegaina eta jarraitu irabiatzen minutu batez.

2. GEHITU OSAGAI LEHORRAK ETA KONTUZ NAHASTU

Irina eta legamia iragazi eta gehitu irabiatu dugun nahasketari. Oraingoan kontuz nahastuko dugu espatula batekin, gehiegi nahastu gabe. Irin arrastorik ez dagoela ikusten duzunean prest egongo da.

3. LABEA PIZTU ETA OREA HOZTU

Moldeko zuloetan paperezko kapsulak jarri eta bete hauek orearekin, ez goraino, moldeen 2/3.  Labea piztu 250 graduan. Sartu madalenen moldea hozkailuan eta utzi 20 minutuz.

4. LABEKATU

Jaitsi labearen tenperatura 220 gradura. Atera madalenen moldea hozkailutik eta bota azukre apur bat gainetik (aukeran). Labekatu 10 minutuz 220 graduan. Gero, jaitsi 200 gradura eta labekatu beste 5 minutuz edo madalenak eginda egon arte.








iruzkinik ez: