Blondiea


Sukaldaritzarekin lotutako argazkigintzaren fan bilakatu naiz. Sukaldean sartuta egotea betiko gauza da baina argazkigintza berria da niretzat. Zortea izan dut, senarrari betidanik gustatu izan zaiolako, bada,  aditua daukat etxean. Gogoratzen dut gurasoen etxean gela iluna zuela eta bertan errebelatzen zituela argazkiak. Eskura ditut, beraz, kamera, objektibo, tripode, eta bestelakoak baina mota honetako argazkigintzan- food styling deritzonean- argazkietan azaltzen diren elementuak ere berebiziko garrantzia dute, platerak, edalontzi, koilara, ehun, paper..., beraz, oporretan aprobetxatzen dut gauzak erosteko; Portugalera goazela ba zeramika fabrika batera joan, Frantzian lapiko merkerik dagoen begiratu, askotan sartzen naiz dendetan koilara bakar bat erostera. Hemen faltan botatzen ditut Ingalaterrako bigarren eskuko denda eta enkanteak, gainera,  han garrantzia handia ematen diotenez "china" edo portzelanari benetako altxorrak aurkitu daitezke.

Gaurko errezeta Browniaren lagun zurbila da, Blondiea. Desberdintasun nagusia da Brownieari kakao-hautsa botatzen zaiola, Blondieari, berriz, ez. Potentea da, baina zatitxo bat probatuta bizitza politagoa ikusiko duzu.

Neurtzeko koilara eta katiluak erabili ditut, gaur egun oso erraz aurkitzen dira.





Errezeta: Blondiea


Osagaiak

2 arrautza
½ katilu gurin (urtuta egon behar du)
1 eta ½ katilu irin
1 eta ½ katilu azukre beltz
1 koilarakadatxo banilla esentzia
½ koilarakadatxo legami (royal motakoa)
Gatz apur bat
½ katilu txokolatezko pipita
½ katilu kakahuete

Prestaketa


1. OSAGAIAK NEURTU

Labea piztu 180 graduan. Osagaiak neurtzeko modu asko daude, oraingoan taza eta koilarekin neurtu dugu. Gaur egun erraz aurkitzen dira eta zenbakiak ez dakizkiten haur txikiekin sukaldean aritzeko aproposak izan daitezke. Errezeta amerikarretan erabiltzen dute neurtzeko modu hau.

2. NAHASTU

Katilu handi batean irabiatu arrautzak, azukrea, banilla esentzia eta urtutako gurina. Gehitu irina, legamia eta gatza eta kontuz nahastu espatula batekin.

3. GEHITU AZKEN OSAGAIAK

Gehitu kakahuete eta txokolate pipitak eta nahastu buelta gehiegi eman gabe.

4. LABEKATU
Molde lauki batera bota nahasketa eta egosi  18-20 minutuz. Utzi hozten erretilu batean. 







iruzkinik ez: