Txokolate pipitadun gaileta bigunak


Sukaldaritza eta errezeta- liburuak erostea bizio bat da niretzat  baina ez dut edozein liburu erosten. Askotan gaztelaniaz ez dira argitaratzen erakargarrienak iruditzen zaizkidanak, beraz, ingelesez erosten ditut eta garesti samarrak direnez bigarren eskuko online dendetan merkeago lortzen saiatzen naiz. Joan den egunean Donostian izan nintzen egun pasa eta beti bisitatzen dut liburu-dendaren bat, ba errezeta liburu batekin bueltatu nintzen, horrela "aloloko". Edizio aldetik ez zuen xarma handirik, "Postres saludables. Las recetas más fit" izenburuarekin, uff eztakit ba. Hala ere, barruan begiratzen hasi eta errezeta interesgarriak ikusi nituen, beraz, baditut buruan hainbat gauza "fit" egiteko. Baina hau ez da bikini operazioa, ez gaizki ulertu, gauza berriak probatzeaz ari naiz. Eta dagoeneko erosi dut osagai arraro bat: Chia haziak, momentuz hor daude, despentsan, amaranto eta polentaren ondoan euren ordua noiz iritsiko zain. 

Oharra: Gaurko gailetak ez dira "fit".

Gaileta hauek ohiko cookie amerikarrak dira. Kanpotik gogorrak eta barrutik bigunak "chewy cookies" izenekoak. Nik bi txokolate mota hauek erabili ditut baina egin daitezke batekin, edo txokolate zuriarekin. Etxean gaileta mordoa egiten ditugu, mota desberdinetakoak, Telmo eta Miren gaileta dastatzaile profesionalak dira eta gaileta hauek "munduko onenak!" direla diote. Beraz, lagun maiteok, labea piztu!




Errezeta: Txokolate pipitadun gaileta bigunak



Osagaiak


150 g gurin
150 g txokolate beltz (%70)
150 g txokolate esnearekin
315 g gari-irin
¾ koilaratxokada gatz eskametan
½ koilaratxokada bikarbonato
90 g azukre
150 g azukre-beltz
½  koilaratxokada banilla esentzia
Arrautza bat
Gorringo bat



Prestaketa:


1. OSAGAIAK PRESTATU ETA OSAGAI LEHORRAK NAHASTU

Gurina berotu urtu arte eta utzi hozten. Txokolatea txikitu, sukaldeko robota erabilita edo almaizearekin  eskuz. Nahastu irina, bikarbonatoa eta gatza katilu batean.

2. MASA EGIN

Nahastu urtutako gurina, azukrea eta banilla. Gehitu arrautza osoa eta gorringoa eta irabiatu. Iragazi aurretik nahastu dugun irina, bikarbonatoa eta gatza eta amaitzeko gehitu txikitutako txokolatea. Hasieran egurrezko koilara batekin edo espatula batekin nahastu eta eskuekin nahasten amaitu. Film batean masa batu eta utzi hozkailuan,  gutxienez bi orduz, hobeto egun batetik bestera.

3. FORMA EMAN.

Labea piztu 160 graduan, atera masa hozkailutik eta eman forma eskuekin, horretarako 35-40 g-ko bolatxoak egingo ditugu. Prestatu erretilu bat labeko paperarekin eta joan gainean masa-bolatxoak jartzen, kontutan izan egosterakoan zabaldu egingo direla, beraz, utzi tokia elkarren artean.

4. LABEKATU

Labekatu labearen erdialdean 12-15 minutuz. Hasieran bigunegiak diruditen arren hoztu ahala apur bat gogortuko dira.















3 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Gaur atsaldian gaileta honek probau ditxugu ta mortalak dia!

Maddi erabiltzaileak esan du...

Oin arte ez naiz konturatu komentarixo honekin, mila mila esker! Eztakit zein zan baina kuadrilakon bat, muaaaa!!!!!

Maddi erabiltzaileak esan du...

Oin arte ez naiz konturatu komentarixo honekin, mila mila esker! Eztakit zein zan baina kuadrilakon bat, muaaaa!!!!!