Basoko fruituen Crumblea




Gure herriko parkea zoragarria da baina ez gaude ohituta bertako belarra zapaltzera, hau da, bankuetan jartzeko ohitura handia dugu baina gutxitan eramaten dugu mantatxo bat belarretan jartzeko. Honek,  Donostian egiten den musika parkean egitasmoa dakarkit gogora."Por favor ¡pisad la hierba!" lelopean Miramar jauregiko parkean kontzertuak eta piknika antolatzen dute. Helburua da hiriko espazioei beste erabilera bat ematea, hau da, agian urrunetik begiratu izan diren espazio horiek eta gutxi erabili eta "ukitu" ez direnak bizitako espazioak bilakatzea. Gure herriko parkean ere egin izan da kontzerturen bat uda partean,  manta+patata tortilla edo quichea + basoko fruituen crumblearekin hobeto, ezta? Nik piknikeko saskitxo bat daukat ia estreinatu gabe! Guzti hau bururatu zitzaidan joan den egunean, alaba eta biok parkean geundela, eguna libre hartu genuen "nesken eguna" ospatzeko; parkean jolastu eta irakurri LucĂ­a En Londres (Impedimenta) ,1927an argitaratua, parkean irakurtzeko bikaina!, bazkari goxoa jan (postrerako Crumblea), Coraline filma alabarekin ikusi eta lagunekin bueltatxoa eman. Nolako poztasuna ematen duten egun luze hauek!



Gaurko postrea edozein egunetan jan daiteke, osagai osasuntsuak eta kaloria gutxi izateaz gain, oso goxoa da. Ikusiko duzue stevia hostoak erabili ditudala. Stevia azukrearen ordezkoa da, kontuz, askotan erosten dugunak stevia kopuru oso baxua dauka, %1 edo gutxiago. Hostoak erosi nituen %100 stevia izateaz gain, oso merkea iruditu zitzaidalako. Hostoekin egin dudana zera izan da, kafe-errota batekin birrindu eta, honela. hauts antzeko bat lortuko dugu argazkian ikusten den bezalakoa.

Basoko fruituak Lidlen erosi nituen, izoztutako produkuen tokian saltzen dituzte, oso onak izaten dira eta, gainera, prezio aldetik ondo daude. Nik mermelada egiteko ere erabiltzen ditut. Erabiltzeko desizozten utzi beharko dituzu.



Errezeta: Basoko Fruituen Crumblea



Osagaiak


Arrautza bat eta bi zuringo
Koilaratxokada bat banilla
2 koilarakada panela
50 g olo-irin
40 g almendra-birrindu
3/4 koilaratxokada Stevia
1 koilaratxokada legami (royal motakoa)
150 g basoko fruitu

Crumblea egiteko:

50 g olo-maluta
Koilarakada bat gurin
Koilarakada bat panela

Prestaketa


Labea piztu 180 graduan. Nahastu katilu handi batean osagai likidoak: arrautza, zuringoak, banilla eta panela guztiz integratuta egon arte. 

Beste katilu batean nahastu osagai lehorrak: olo-irina, legamia eta stevia eta iragazi osagai likidoen gainean, gero gehitu almendra birrinduak eta oso ongi nahastu masa homogeneo bat lortu arte. Bota masa molde laukizuzen batera (litro batekoa edo, ez dadila izan oso handia). Ez itsasteko gogoratu beti moldea koipeztatzea. Jarri itzazu basoko fruituak masaren gainean. 

Nahastu itzazu Crumble-aren osagai guztiak (gurina urtu errazago nahasteko) eta estali basoko fruituen kapa beste kapa honekin.

Labekatu 25 minutuz. Utzi hozten.





iruzkinik ez: