Basoko fruituen Crumblea




Gure herriko parkea zoragarria da baina ez gaude ohituta bertako belarra zapaltzera, hau da, bankuetan jartzeko ohitura handia dugu baina gutxitan eramaten dugu mantatxo bat belarretan jartzeko. Honek,  Donostian egiten den musika parkean egitasmoa dakarkit gogora."Por favor ¡pisad la hierba!" lelopean Miramar jauregiko parkean kontzertuak eta piknika antolatzen dute. Helburua da hiriko espazioei beste erabilera bat ematea, hau da, agian urrunetik begiratu izan diren espazio horiek eta gutxi erabili eta "ukitu" ez direnak bizitako espazioak bilakatzea. Gure herriko parkean ere egin izan da kontzerturen bat uda partean,  manta+patata tortilla edo quichea + basoko fruituen crumblearekin hobeto, ezta? Nik piknikeko saskitxo bat daukat ia estreinatu gabe! Guzti hau bururatu zitzaidan joan den egunean, alaba eta biok parkean geundela, eguna libre hartu genuen "nesken eguna" ospatzeko; parkean jolastu eta irakurri Lucía En Londres (Impedimenta) ,1927an argitaratua, parkean irakurtzeko bikaina!, bazkari goxoa jan (postrerako Crumblea), Coraline filma alabarekin ikusi eta lagunekin bueltatxoa eman. Nolako poztasuna ematen duten egun luze hauek!



Gaurko postrea edozein egunetan jan daiteke, osagai osasuntsuak eta kaloria gutxi izateaz gain, oso goxoa da. Ikusiko duzue stevia hostoak erabili ditudala. Stevia azukrearen ordezkoa da, kontuz, askotan erosten dugunak stevia kopuru oso baxua dauka, %1 edo gutxiago. Hostoak erosi nituen %100 stevia izateaz gain, oso merkea iruditu zitzaidalako. Hostoekin egin dudana zera izan da, kafe-errota batekin birrindu eta, honela. hauts antzeko bat lortuko dugu argazkian ikusten den bezalakoa.

Basoko fruituak Lidlen erosi nituen, izoztutako produkuen tokian saltzen dituzte, oso onak izaten dira eta, gainera, prezio aldetik ondo daude. Nik mermelada egiteko ere erabiltzen ditut. Erabiltzeko desizozten utzi beharko dituzu.



Errezeta: Basoko Fruituen Crumblea


Txokolate pipitadun gaileta bigunak


Sukaldaritza eta errezeta- liburuak erostea bizio bat da niretzat  baina ez dut edozein liburu erosten. Askotan gaztelaniaz ez dira argitaratzen erakargarrienak iruditzen zaizkidanak, beraz, ingelesez erosten ditut eta garesti samarrak direnez bigarren eskuko online dendetan merkeago lortzen saiatzen naiz. Joan den egunean Donostian izan nintzen egun pasa eta beti bisitatzen dut liburu-dendaren bat, ba errezeta liburu batekin bueltatu nintzen, horrela "aloloko". Edizio aldetik ez zuen xarma handirik, "Postres saludables. Las recetas más fit" izenburuarekin, uff eztakit ba. Hala ere, barruan begiratzen hasi eta errezeta interesgarriak ikusi nituen, beraz, baditut buruan hainbat gauza "fit" egiteko. Baina hau ez da bikini operazioa, ez gaizki ulertu, gauza berriak probatzeaz ari naiz. Eta dagoeneko erosi dut osagai arraro bat: Chia haziak, momentuz hor daude, despentsan, amaranto eta polentaren ondoan euren ordua noiz iritsiko zain. 

Oharra: Gaurko gailetak ez dira "fit".

Gaileta hauek ohiko cookie amerikarrak dira. Kanpotik gogorrak eta barrutik bigunak "chewy cookies" izenekoak. Nik bi txokolate mota hauek erabili ditut baina egin daitezke batekin, edo txokolate zuriarekin. Etxean gaileta mordoa egiten ditugu, mota desberdinetakoak, Telmo eta Miren gaileta dastatzaile profesionalak dira eta gaileta hauek "munduko onenak!" direla diote. Beraz, lagun maiteok, labea piztu!




Errezeta: Txokolate pipitadun gaileta bigunak


Blondiea


Sukaldaritzarekin lotutako argazkigintzaren fan bilakatu naiz. Sukaldean sartuta egotea betiko gauza da baina argazkigintza berria da niretzat. Zortea izan dut, senarrari betidanik gustatu izan zaiolako, bada,  aditua daukat etxean. Gogoratzen dut gurasoen etxean gela iluna zuela eta bertan errebelatzen zituela argazkiak. Eskura ditut, beraz, kamera, objektibo, tripode, eta bestelakoak baina mota honetako argazkigintzan- food styling deritzonean- argazkietan azaltzen diren elementuak ere berebiziko garrantzia dute, platerak, edalontzi, koilara, ehun, paper..., beraz, oporretan aprobetxatzen dut gauzak erosteko; Portugalera goazela ba zeramika fabrika batera joan, Frantzian lapiko merkerik dagoen begiratu, askotan sartzen naiz dendetan koilara bakar bat erostera. Hemen faltan botatzen ditut Ingalaterrako bigarren eskuko denda eta enkanteak, gainera,  han garrantzia handia ematen diotenez "china" edo portzelanari benetako altxorrak aurkitu daitezke.

Gaurko errezeta Browniaren lagun zurbila da, Blondiea. Desberdintasun nagusia da Brownieari kakao-hautsa botatzen zaiola, Blondieari, berriz, ez. Potentea da, baina zatitxo bat probatuta bizitza politagoa ikusiko duzu.

Neurtzeko koilara eta katiluak erabili ditut, gaur egun oso erraz aurkitzen dira.





Errezeta: Blondiea


Osagaiak

2 arrautza
½ katilu gurin (urtuta egon behar du)
1 eta ½ katilu irin
1 eta ½ katilu azukre beltz
1 koilarakadatxo banilla esentzia
½ koilarakadatxo legami (royal motakoa)
Gatz apur bat
½ katilu txokolatezko pipita
½ katilu kakahuete

Prestaketa


1. OSAGAIAK NEURTU

Labea piztu 180 graduan. Osagaiak neurtzeko modu asko daude, oraingoan taza eta koilarekin neurtu dugu. Gaur egun erraz aurkitzen dira eta zenbakiak ez dakizkiten haur txikiekin sukaldean aritzeko aproposak izan daitezke. Errezeta amerikarretan erabiltzen dute neurtzeko modu hau.

2. NAHASTU

Katilu handi batean irabiatu arrautzak, azukrea, banilla esentzia eta urtutako gurina. Gehitu irina, legamia eta gatza eta kontuz nahastu espatula batekin.

3. GEHITU AZKEN OSAGAIAK

Gehitu kakahuete eta txokolate pipitak eta nahastu buelta gehiegi eman gabe.

4. LABEKATU
Molde lauki batera bota nahasketa eta egosi  18-20 minutuz. Utzi hozten erretilu batean. 







Ogi Irlandarra (Soda Bread)



Irlandatik dakargun errezeta honen berezitasun nagusia da oso azkar egiten den ogia dela, ez du legamirik, sodio bikarbonatoak egiten du legamiaren lana. Erreakzio kimiko bat sortzen da buttermilkarekin nahastuta (Buttermilk: esnea limoiarekin moztuta). Ogi hau  ez da oratu behar eta osagaiak nahastu eta zuzenean labera sartuko dugu (altxatzen utzi gabe). 

Ospea irlandarrek eman bazioten ere, badirudi sodio/soda hautsen erabilera ez zutela beraiek asmatu, Ameriketako indigenek lehenago erabiltzen zuten ogia egiteko. Sukaldaritza irlandarraren oinarri izan da momentu askotan ogi hau, merkea baitzen egiteko.

Gurutze bat marrazten zaio goi partean eta hainbat teoria daude honen inguruan: deabrua urrun mantentzeko egiten zela diote batzuk, beste batzuk maitagarriak ogi barrutik ateratzeko egiten zela. Azalpen arrazionalagoa ere badu, noski; gurutze hau marraztuta lortzen dugu lurruna bertatik atera eta masa labean dagoenean altxatzea.

Etxean oso gustuko dugun ogia da, batez ere, gosaltzeko. Oso azkar egiten denez ez dago planifikatu beharrik. Gainera, ogia eta bizkotxoaren arteko zerbait da, ez ogi-ogia ezta bizkotxoa ere, zaila azaltzeko, probatu eta ikusiko duzue!

Betsio asko ditu, gozoagoak eta gaziagoak. Etxean asko probatu ditugu baina gaurko hau gogokoenen artean dugu.






Errezeta: Ogi Irlandarra (Soda Bread)


Osagaiak: