Masusta gorri eta Mascarpone urtebetetze pastela



Gure alaba txikiak bost urte bete ditu eta ospatzeko meriendatxo bat ospatu genuen etxean. Ez nuen konplikatzerik nahi, beraz, gauza errazak prestatu genituen. Pastela gurean beti da garrantzitsua, saiatzen gara desberdina egiten, gainera, alabarekin adostu behar izan  nituen osagaiak eta tartaren koloreak. Nire urtebetetzean eta gabonetan, normalean, sukaldeko gauzak eskatzen ditut; lapiko, liburu, amantalak eta baita osagai bereziak. Gabonetan masusta gorri (frambuesa) pasta eskatu nuen, badu mermeladaren antzik baina azukre gabe (edo gutxikin) eta oso kontzentratuta dago fruta bertan. Hau erabili nuen pastela egiteko eta honek eman dio kolore larrosa polit hori. Kanpotik mascarpone gaztarekin egindako frosting-a erabili genuen, azkenik, dekoratzeko masusta gorri batzuk besterik ez; "gutxiago gehiago da" esamoldearekin guztiz ados bainago. Pastel honek zapore freskoa baina fina du, koko birrindu/masusta nahasketak oso ongi funtzionatzen du. Itxurari dagokionez, pastelari begirada bat eman ostean hitz bat datorkit burura: UDABERRIA







Errezeta: Masusta gorri eta Mascarpone urtebetetze pastela

Osagaiak


Bizkotxoarendako:

226 g gurin
426 g azukre
5 arrautza zuringo (giro-tenperaturan)
2 koilarakada masusta gorrri pasta
426 g gari-irin
4 koilaratxokada legami (royal motakoa)
1/2 koiratxokada gatz
355 ml esne (giro-tenperaturan)

Mascarpone frosting-a egiteko:

100 g gurin
250 g mascarpone
600 g azukre-hauts

Dekoratzeko: koko birrindua eta masusta gorriak

Prestaketa

Labea piztu 175 graduan. Olioztatu hiru molde (20 zm-koak).

Nahastu irina, legamia eta gatza. Bestalde, irabiagailu batekin irabiatu gurina eta azukrea eta joan arrautza zuringoak gehitzen poliki-poliki guztiz integratuta egon arte. Amaitzeko, irina eta esnea gehitu bi zatitan, hau da, irinaren erdia, esnearen erdia, irinaren erdia, esnearen erdia. Gogoratu guztia giro-tenperaturan egotea komeni dela masa ez mozteko.

Banatu masa hiru zatitan eta bota moldeetara. Laberatu 25 minutu edo eginda egon arte. Atera labetik eta utzi moldeetan hozten 10 minutuz, gero moldetik atera eta zulodun erretilu batean utzi hozten. Hozten denean, zerradun laban batekin (ogia mozteko erabiltzen duguna) bizkotxo bakoitzaren tontorra kendu, bada, ahalik eta lauen geratu behar du gero tarta montatzeko.

Mascarpone frosting-a: Nahastu azukrea eta gurina eta amaitzeko joan mascarponea gehitzen eta jarraitu irabiatzen krema bat lortu arte.

Muntaketa: Lehenengo bizkotxoaren gainean maskaspone kremaren laurdena zabaldu. Bigarren bizkotxoa lehenengoaren gainean jarri eta mascarpone kremaren beste laurdena zabaldu bizkotxoaren goikaldean. Azkenik, hirugarren bizkotxoa jarri beste bien gainean eta mascarpone krema erabili pastela guztiz estaltzeko, hau da, goi partea eta pastelaren aldeak. Koko birrindua eta masustak erabili ditugu dekoratzeko.


iruzkinik ez: