Cheddar eta Erromero Gaileta Gaziak




Duela gutxi belar aromatikoak erosi nituen balkoian landatzeko. Ez naiz oso habila landareak zaintzen baina sukaldeko errezeta desberdinak egiteko ezinbesteko osagaia dira nire ustez. Nire inguruan ez dugu ohiturarik izan belar hauek erabiltzeko (gehienez perrexilla), zentzu horretan, agian, inguruan pixkat itxiak garela antzeman dut, hala ere, orain hasi gara belar aromatiko hauek erabiltzen sukaldean eta beste grazia bat hartzen dute jakiek.

Gaurko errezeta perfektua da otordu artean, kopatxo ardo zurirekin edo garagardoarekin hartzeko. Gailetak mozteko erabili dugun moldea oso txikia da, kasu honetan, mokadu txikiagoa izatea egokiagoa iruditu zaigu.

Truko batzuk: 

- Momentuan birrindutako gazta erabiltzean gailetak zapore hobea izaten dute, beraz, aurretik birrindutako gazta erosi beharrean, komeni da gazta zati bat erosi eta zuk zeuk birrintzea.
-  Belarrak freskoak erabiltzen ditugu, niri ez zaizkit gustatzen kristalezko potetxo horietan saltzen dituztenak.
- Neurtzeko koilarak eta katiluak izatea gomendatzen dizuet, errezeta asko horrela neurtzen baitira, ez dira garestiak eta gaur egun erraz aurkitu daitezke.
- Erabili dugun arrabolak neurriak ditu, hau da, zentimetro bat, zentimetro erdi...horrela gailetak nahi dituzun lodieran egin ditzakezu




Errezeta: Cheddar eta Erromero Gailetak


Osagaiak


112 g gurin (giro-tenperaturan)
85 g cheddar birrindu
1/4 koilaratxokada gatz
1/2 koilaratxokada piperbeltz hauts
1/2 koilaratxokada erromero (txikituta)
1/2 koilaratxokada ezkai (txikituta)
1 eta 1/4 katilukada irin
1 Koilarakada ur


Prestaketa


Nahastu irabiagailu batekin gurina krema antzeko bat lortu arte.

Gehitu cheddarra, gatza, piperbeltz hautsa, erromeroa, irina eta ezkaia. Jarraitu irabiatzen guztiz integratuta egon arte.

Gehitu koilarakada ur eta amaitu nahasten.

Zapaldu masa arrabolarekin, film-gardenarekin bildu eta utzi hozkailuan gutxienez 30 minutuz.

Labea piztu 175 graduan.

Atera masa hozkailutik eta arrabolaren laguntzaz eman 0,5-1 zentimetroko lodiera. Moztu masa gaileten moldearekin eta laberako papera duen erretilu batean jarri.

Labekatu 22-25 minutuz, atera eta utzi hozten.







iruzkinik ez: