Kanela (eta espelta) kiribilak-Cinnamon Rolls


Aspaldi nuen bideo bat egiteko gogoa. Egia esan, niri bideoak gustatzen zaizkit ikusteko, egile batzuk artista hutsak dira eta janarien argazkiak ikustea gustuko dudan bezala, bideoak ikustea ere atsegin dut. Hala ere, errezeta bat egiteko, nahiago dut idatzizko errezeta jarraitzea eta listo. Esperientzia gutxi baduzu sukaldean edo zure ikasteko modua bisualagoa bada, errezeta-bideoak euskarri aparta dira. Zenbat gauza ikasi ditugun etxean youtubeko bideoak ikusten! (mahai bat egiten, bideoa egiten, argazkiak ateratzen, telebista konpontzen, poltsikoko telefonoaren pantaila aldatzen...). Beraz, nik ere zor nuen, gutxienez, bideo bat.

Gaurko errezeta luze samarra da (ogiarekin gertatzen da, bere denbora behar du) baina ez da batere zaila eta benetan merezi du! Trukotxo batzuk ongi egiteko: gurina eta esnea aurretik berotu eta hozten utzi behar dituzu, beraz, arratsaldean egin behar baduzu errezeta, saiatu hau goizean edo, gutxienez, pare bat ordu lehenago egiten. Legami likidoa egiteko: nahastu koilarakada azukrerekin eta 30-60 segundutan likidoa izango da. Arrabolarekin laukizuzena egin behar duzu, ez da erraza hasieran, joan eskuekin forma ematen eta arrabolarekin oratu, eskuekin forma eman, arrabolarekin oratu eta horrela jarraitu, azkenean lortuko duzu. Ogia eginda dagoela jakiteko, askotan haragi termometroa erabiltzen dudan arren, beste modu bat da kolpetxoak eman ogiaren azpikaldean eta huts-soinua antzematen bada, ongi egosita dagoela esan nahi du.





Errezeta: Kanela (eta espelta) kiribilak- Cinnamon Rolls

Osagaiak

Masa egiteko:

225 ml esne
75 g gurin
300 g gari-irin
125 g espelta-irin
70 g azukre
1 koilaratxokada kardamomo birrindu
1/2 koilaratxokada gatz
20 g legami fresko
Arrautza bat

Betegarria:

75 g gurin (giro-tenperaturan)
50 g azukre
2 koilaratxokada kanela

Amaitzeko:

Arrautza bat masa margotzeko

Prestaketa

Berotu esnea eta gurina eta irakiten hasi baino lehen kendu su gainetik eta utzi hozten. 

Iragazi osagai lehorrak katilu handi batean. Nahastu legamia azukre koilarakada batekin eta likidoa izatera pasatzen denean gehitu osagai lehorrei.

Egin zulo bat osagai lehorren erdian eta gehitu irabiaturiko arrautza, esne-gurin nahasketa (epel-hotza egon beharko luke). Nahastu guztia masa bat lortu arte. Estali plastiko batekin eta utzi haize korronterik gabeko etxeko bazter epel batean altxatzen 30 minutuz.

Betegarria prestatzeko nahastu gurina, kanela eta azukrea guztiz integratuta egon arte.

Altxatzen utzitako masa hartu eta laukizuzen forma eman (35cm x 25 cm) horretarako arrabola erabili eta eskuekin lagundu forma hori lortu arte. Igurtzi betegarria masaren gainean espatula batekin eta zilindro baten forma eman masaren alde luzeena eskuekin hartuz (ijito besoaren tankera izan behar du). Laban zorrotz batekin moztu 8-9 zatitan. Olioztatutako 20-23 zm-ko moldearen erdian jarri masaren lehenengo zatia eta inguruan beste guztiak. Estali berriz plastikoarekin eta utzi altxatzen bigarren aldiz, 20-30 minutuz, tamaina bikoiztu arte.

Labea piztu 180 graduan.

Labea 180 graduan dagoenean (nik labeko termometro bat erabiltzen dut ziurtatzeko benetan tenperatura horretan dagoela) arrautzarekin margotu prestatutako masa. Bota ur apur bat labe barrura edo pare bat izotz, honek lagunduko dio masari gehiago hazten labe barruan. Laberatu 25 bat minutuz. Labetik ateratakoan, utzi epeltzen erretilu gainean.






iruzkinik ez: