Apple Crumble


Nire errezeta liburuan, hau da, eskuz idazteko Moleskine errezeta liburuan, ez ditut errezeta asko apuntatuta, normalean Evernote edo antzeko aplikazioak erabiltzen ditut errezeta interesgarriak gordetzeko. Koaderno beltz horretan daudenak, aldiz, gogokoenak ditut: oso ongi ateratzen zaizkidanak, asko pertsonalizatu ditudanak edo norbaitek pasatako "errezeta sekretua" dira. Ba Apple Crumble hau duda barik koaderno horretan apuntatuko dut. Aspaldi ez nintzen hunkitzen postre batekin, baina emozionatu egin nintzen probatu nuenean. Emozionatu? Postre batekin? Ba bai. Gainera, ospea hartu zueneko testuingurua itzela da: pentsa, bigarren mundu gerra, hau da, WW2-Britainia Handia, arrazionamendu-liburuxkak, bertan zituzten osagaietariko batzuk: arrautzak, irina, azukrea eta gurina. Sagarrak Ingalaterran barra-barra, noski. Ba hori da apple crumble-a ez da ezer eta hala ere, it's heaven!




Errezeta: Apple-Crumble

Osagaiak


  • 2-3 sagar handi
  • Kanela apur bat
  • 70 g azukre beltz
  • Koilarakada bat galirin.
Crumblea egiteko:

  • 300 g gari-irin
  • 175 g azukre beltz
  • 200 g gurin
  • Kanela apur bat
  • 25 g almendra birrindu

Prestaketa

1. OSAGAIAK PRESTATU ETA SAGARRAK ZURITU

Piztu labea 180 graduan. Koipetu moldea olio apur batekin. Sagarrak zuritu eta moztu, zatiek tamaina desberdina izan dezakete, hau ez da eta, postre elegante horietako bat.

2. NAHASTU OSAGAIAK

Sagar zatiei bota azukrea, kanela eta galirina eta nahastu egurrezko koilara batekin.

3. EGIN CRUMBLEA

Crumbleak gaileta apurren tankera dauka. Hau egiteko, bota crumblearen osagai guztiak katilu handi batera eta eskuekin nahastu apurrak lortu arte. Estali moldeko sagar-nahasketa crumble-arekin.

4. LABEKATU

Sartu moldea labean eta labekatu 40 minutuz. Epela dagoenean jan. Bakarrik jan daiteke edo banillazko izozki edo pastel-kremarekin.


iruzkinik ez: