Xixona turroizko gailetak



Urtero gabonetako saski bat oparitzen digute familiakoek eta oso ongi hartzen dugu, bertan, turroiak, txokolatea, olioa, urdaiazpikoa...eta kilo bat azukre jasotzen ditugu, ez dakit ohikoa den azukrea jasotzea baina guretzat ohitura bilakatu da, ohikoa ez dena, berriz, azukre kilo horrek urtea amaitzea! Segituan topatzen diogu errezeta. Saskiko produktu batzuk lagun eta familia artean banatzen ditugu baina xixona turroi gaixoa bueltaka ibiltzen da. Bati baino gehiagori gertatuko zitzaion, despentsa ireki abuztu aldera eta bertan xixona turroia triste-triste. Hau ez gertatzeko gaileta batzuk egitea onena. Turroi-zaleak ez zaretenontzat errezeta da hau, baina turroia gustatzen bazaizu probatu, turroi zapore suabea du.


Gailetak egiteko Nordic Ware-n zigilu zoragarri hauek erabili nituen, nire urtebetetzeko oparia izan zen, amonarengandik jasotakoak diruditen arren berriak dira. Masarekin bolatxoak egin eta zigiluarekin zapaldu.


Errezeta: Xixona turroizko gailetak

Osagaiak


  • 150 g gurin
  • 75 g azukre
  • 300 g xixona turroi (zatituta)
  • Arrautza bat
  • 375 g irin


Prestaketa


Gurinak giro-tenperaturan egon behar du, atera hozkailutik errezeta egiten hasi aurretik (gutxienez bi ordu lehenago).  Sukaldeko robot edo irabiagailu bat erabilita, irabiatu gurina eta azukrea guztiz nahastuta egon arte. Turroia gehitu eta jarraitu irabiatzen. Gehitu arrautza eta irina eta irabiatu guztiz integratuta egon arte. Forma emateko bi aukera dituzu; luzatu masa arrabolarekin (zentimetro erdiko lodiera lortu arte) eta moldeekin moztu -honetarako masa ordu betez hozkailuan sartzea komeni da-. Beste aukera bat da bola txikiak egin eta zigiluekin zapaltzea (edo edalontzi batekin zapaltzea).

Labea piztu 180 graduan eta utzi berotzen tenperatura horretara iritsi arte. Labekatu gailetak 10-12 minutuz. Utzi erretilu batean hozten.






iruzkinik ez: