Txokolatezko robotak


Star Wars-en "Episode VII" abenduaren 18an estreinatuko da. Etxean, aspalditik dihardute zinemara irteera antolatzen. Zi-fi eta robot zaleak garenez, roboten silikonazko moldea edukitzea nahitaezkoa genuen. Etxe azpiko denda txinatarrean erositakoa da, beraz, oso erraz aurki ditzakezu molde hauek. Primerako errezeta dugu gaurkoa; erraza izateaz gain, emaitza ikusgarria da eta bonboi pertsonalizatuak, dendetan aurkitzen ez direnak, egiteko aukera dugu -itxuraz, berriz, bonboi dendan erositakoak dirudite-. Guk  txokolatezko arroz-puztuarekin -txokokrispisekin- bete ditugu eta egiten duen kontrastea polita da; txokolate zuria zereal marroiekin, baina pistatxoak, ahabiak edo mahaspasak erabilita ere ondo geratuko da - hori bai, txikitu egin beharko dituzu osagai hauek-.



Txokolate zuria postreetarako erabiltzen den horietakoa izatea komeni da, gure kasuan Nestle Postres delakoa erabili dugu, honen arrazoia zera da, manteka kopuru minimo bat izan behar duela ongi desegiteko, bestela gogor xamarra geratzen da eta ezin da erraz manipulatu.

Hasierako kapa ematea komeni da bonboiek moldearen forma ondo hartzea nahi badugu.



Errezeta: Txokolatezko bonboiak 


Osagaiak


  • 180 g txokolate zuri (postreetarako erabiltzen dena)
  • 40 g txokolatezko arroz-puztu
  • Bonboiak egiteko silikonazko moldea.


Prestaketa


1. OSAGAIAK PRESTATU

Aste honetako errezeta oso erraza eta sinplea da. Bi osagai besterik ez ditugu behar: txokolate zuria –kontutan hartu postreetarako erabiltzen dena dela, normalak ez du balio- eta txokolatezko arroz-puztua.

2. TXOKOLATEA DESEGIN ETA LEHENENGO KAPA EMAN.

Txokolatea maria bainuan desegingo dugu. Horretarako lapiko bat ur apur batekin berotu eta barruan beste lapiko edo ontzi bat jarri; hemen txikitutako txokolatea jarri eta berotu. Txokolatea deseginda dagoenean koilara batekin moldeko zulotxoetara botatzen joan. Txokolate gutxi beharko dugu, helburua da lehenengo kapa fin bat ematea. Moldea mugitu beharko dugu zuloak txokolatearekin estaltzeko. Sartu izozkailuan 10 minuto.

3. ARROZ-PUZTUA ETA TXOKOLATEA NAHASTU

Aurretik deseginda daukagun txokolateari arroz-puztua bota eta ongi nahastu.

4. MOLDEA BETE ETA IZOZKAILURA

Moldea izozkailutik atera eta txokolate arroz-puztu nahasketarekin zuloak bete.  Izozkailuan sartu 20 minutoz edo txokolatea gogortu arte. Amaitzeko, atera bonboak  moldetik.


iruzkinik ez: