Abenduko Ogia




Abenduan sartu gara eta gure labeak ez du deskantsurik hartzen, hilabetea estreinatuko dugu "abenduko ogiarekin" (Advent Bread). Scandilicious liburutik ateratako errezeta  dugu-egokitzapen batzuk eginda-. Liburua, sukaldaritza eskandinabiarraren errezeta bilduma da, benetan interesgarria.






Txikitatik izan dut gustuko sukaldean aritzea, orduak ematen nituen nire amamaren ondoan, aulki batera igota, tabernarako pintxoak prestatzen zituen bitartean, Gerora, lan kontuak direla eta, aukera izan dut beste sukaldaritza mota bat ezagutzeko, modernoagoa eta abangoardiakoa. Baina gustokoena niretzat labea piztu eta labekatzea da. Abenduko ogi hau, neguko igande hotzetan gosaltzeko perfektua da.

Sukaldeko tramankulu-zale amorratua naizenez, askotan, masak oratzeko makina bat erabiltzen dut, hala ere, eskuz oso erraz egin daitekeen ogia dugu hau.


Errezeta: Abenduko ogia (Advent bread)


Osagaiak


  • 250 g esne
  • 75 g gurin
  •  125 g  espelta-irin integral
  • 300 g Galirin
  • 70 g  Azukre
  • ½ koilaratxokada kardamomo hauts (aukeran)
  • ½ koilaratxokada gatz
  • 10 g legami lehor
  • Arrautza irabiatu bat + beste bat masa margotzeko
  • 50 ml Pedro Ximenez
  • 150 g  Korintoko mahaspas

Prestaketa


Berotu esnea gurinarekin batera, irakitear dagoenean sutik kendu eta utzi epeltzen.

Nahastu osagai lehorrak  (espelta-irina, galirina, azukrea, kardamomo-hautsa, gatza eta legami lehorra) katilu handi batean.

Egin ezazu zulo bat osagai lehorren erdian.  Gehitu irabiatutako arrautza eta gurin-esne nahasketa (kontuz nahasketarekin ez dadila bero egon legamia hiltzeko arriskua baitago). Nahastu guztia, masa homogeneoa bilakatu arte. Estali katilua (plastikozko film gardenarekin) eta utzi igotzen 60 bat minutuz, tamaina bikoiztu arte.

Bitartean,  ontzi txiki batean nahastu Pedro Ximenez-a eta mahaspasak, gehitu ura mahaspasak estali arte eta utzi 30 minutuz, denbora hau pasata ura ondo iragazi.

Oreari  airea kendu 10 segundoz  (eskuekin zapalduta) eta mahaspasak gehitu, masa guztian zehar banatzen dituzula ziurtatu. Oreari forma luzexka  eman, 20 cm-ko ogi baten antzera  (lasai, ez da ezer gertatzen forma politegia ez badiozu ematen), estali kotoi edo lihozko sukalde- trapu batekin eta utzi sukaldeko txoko epelean 45-60 minutuz.

Labea piztu 200 graduan. Margotu orea arrautzarekin eta labearen erdialdean 40-45 minutuz labekatu (nire labea txikia denez azpialdean daukadan harri gainean egosten dut).


iruzkinik ez: