Pipak


Nire seme-alabek eta inguruko haurrek ikastolara pipak eramaten dituzte urtebetetzea ospatzeko, horrela erabaki zuten eskolan, beraz, Puntua aldizkarirako pipen errezeta egitea pentsatu nuen. Ogia egitea ez da munduko lanik samurrena; osagaiak zehatz neurtu behar dira, oratu egin behar dugu, baina horiek guztiak pasata labetik emaitza ateratzean sentitzen dugun harrotasuna (bai, harrotasuna eta poztasuna - yeeha! ogia egin dugu!-) mundiala da.






Ogia egiterakoan izango dugun zailtasunetariko bat masa oratzea izango da. Masa edo oreari deskantsatzen utzi behar zaio, minutu batez oratu eta bost minutuz utzi, konturatuko zara nola aldatzen den orearen egitura. Badaude oratzeko teknikak, kasu honetan oratu frantseza erabili dugu, ondorengo bideoan nola egiten den ikusi dezakezu.



Dendan erositako pipek ez dute aparteko osagairik izaten, hala ere, gure ukitu pertsonala emango diegu gustuko osagaiak gehituta, esaterako, erromeroa, gatza, piperbeltza...


Errezeta: Pipak


Osagaiak


  • 500 g, indar-irin
  • 2 koilaratxokada gatz
  • 25 g, legami fresko
  • Koilarakada 1 olio eta apur bat gehiago pipak “margotzeko”.
  • 300-350 g, ur
  • Pipen gainean jartzeko gustuko osagaiak, guk: sesamoa, piperbeltza, gatz ketua eta erromeroa erabili ditugu.

Prestaketa


1. OSAGAIAK PRESTATU ETA OSATU MASA KATILUAN

Osagaiak prestatu. Indar-irina eta gatza katilu handi batean nahastu. Legami freskoa hartu eta nahastu azukrearekin, likidoa dagoela ikusten duzunean (30 segundora) osagai  lehorreri gehitu (irina eta gatzari). Egin zulo bat indar-irin nahasketaren erdian eta gehitu ura eta olioa. Ura kontuz bota;  irin mota bakoitzak ur kopuru ezberdina xurgatzen duenez, botatzen joan, ikusten duzunean nahasketa ez dela itsasten katilura, atera mahai gainera.

2. MASA ORATU.

Eskuetara itsasten denez, oratu (amasatu) minutu batez eta utzi bost minutuz, horrela glutena sortzen joango da eta errazago izango zaizu oratzea. konturatuko zara orearen egitura aldatu egin dela, errepikatu hau hiru bat aldiz eta masa “oragarriagoa” denean, 5-10 minutuz oratu. Prest dagoela jakiteko atzamarrarekin apur bat zapaldu eta zapaldutako masa hori bere baitara bueltatzen bada, plastikozko ontzi batean sartu eta estali film gardenarekin. Utzi  igotzen toki epel batean -haize-korronterik gabeko sukaldeko txokoren batean, adibidez- 60 minutuz.

3. FORMA EMAN

Labea piztu 200 graduan. Erretilua prestatu papera gainean jarrita. Masa bikoiztu egin dela ikusiko duzu. 30 segundoz oratu, airea kentzeko. Pisatu eta 20 zatitan banatu. Zati bakoitzak atzamarraren lodiera izan beharko du. Pipa bakoitza erretiluan jarri, olioarekin margotu eta bota gustuko osagaiak (gatza, piperbeltza, erromeroa, sesamoa…).  Utzi 20-30 minutuz tamaina bikoiztu arte.

4. EGOSI

Labearen azpialdean esprai batekin ura bota edo ontzi batean ur apur bat jarri. Sartu erretilua pipekin eta egosi  10-15 minutuz.


iruzkinik ez: