Kanela (eta espelta) kiribilak-Cinnamon Rolls


Aspaldi nuen bideo bat egiteko gogoa. Egia esan, niri bideoak gustatzen zaizkit ikusteko, egile batzuk artista hutsak dira eta janarien argazkiak ikustea gustuko dudan bezala, bideoak ikustea ere atsegin dut. Hala ere, errezeta bat egiteko, nahiago dut idatzizko errezeta jarraitzea eta listo. Esperientzia gutxi baduzu sukaldean edo zure ikasteko modua bisualagoa bada, errezeta-bideoak euskarri aparta dira. Zenbat gauza ikasi ditugun etxean youtubeko bideoak ikusten! (mahai bat egiten, bideoa egiten, argazkiak ateratzen, telebista konpontzen, poltsikoko telefonoaren pantaila aldatzen...). Beraz, nik ere zor nuen, gutxienez, bideo bat.

Gaurko errezeta luze samarra da (ogiarekin gertatzen da, bere denbora behar du) baina ez da batere zaila eta benetan merezi du! Trukotxo batzuk ongi egiteko: gurina eta esnea aurretik berotu eta hozten utzi behar dituzu, beraz, arratsaldean egin behar baduzu errezeta, saiatu hau goizean edo, gutxienez, pare bat ordu lehenago egiten. Legami likidoa egiteko: nahastu koilarakada azukrerekin eta 30-60 segundutan likidoa izango da. Arrabolarekin laukizuzena egin behar duzu, ez da erraza hasieran, joan eskuekin forma ematen eta arrabolarekin oratu, eskuekin forma eman, arrabolarekin oratu eta horrela jarraitu, azkenean lortuko duzu. Ogia eginda dagoela jakiteko, askotan haragi termometroa erabiltzen dudan arren, beste modu bat da kolpetxoak eman ogiaren azpikaldean eta huts-soinua antzematen bada, ongi egosita dagoela esan nahi du.




Apple Crumble


Nire errezeta liburuan, hau da, eskuz idazteko Moleskine errezeta liburuan, ez ditut errezeta asko apuntatuta, normalean Evernote edo antzeko aplikazioak erabiltzen ditut errezeta interesgarriak gordetzeko. Koaderno beltz horretan daudenak, aldiz, gogokoenak ditut: oso ongi ateratzen zaizkidanak, asko pertsonalizatu ditudanak edo norbaitek pasatako "errezeta sekretua" dira. Ba Apple Crumble hau duda barik koaderno horretan apuntatuko dut. Aspaldi ez nintzen hunkitzen postre batekin, baina emozionatu egin nintzen probatu nuenean. Emozionatu? Postre batekin? Ba bai. Gainera, ospea hartu zueneko testuingurua itzela da: pentsa, bigarren mundu gerra, hau da, WW2-Britainia Handia, arrazionamendu-liburuxkak, bertan zituzten osagaietariko batzuk: arrautzak, irina, azukrea eta gurina. Sagarrak Ingalaterran barra-barra, noski. Ba hori da apple crumble-a ez da ezer eta hala ere, it's heaven!

Marrubizko Petit-Suisseak


Aspaldiko! Abandonatuta izan dut bloga azkeneko hilabeteotan. Lan-kontuak medio, liatuta ibili naiz. Urte askotan beste kontu batzuetan lanean ibili ondoren, irakasle langabetua naiz orain eta ordezkapenak egiten ditut; hasierak beti zailak izaten dira, gauza berri asko, ikasle berriak, irakasgai berriak, ba orain hasiera fase horietan egotea tokatzen zait, eta pozik gainera!